basque FEST, EUSKAL KULTURAREN JAIALDIA, BILBORA ITZULIKO DA ASTE SANTUAN. GUZTIRA, 300 JARDUERA BAINO GEHIAGO ANTOLATUKO DIRA, ESPAZIO BERRIAK ZEIN ZINEMA ATALA BARNE HARTUTA

  • Apirilaren 17tik 21era, Bilboko Udalak Aste Santurako prestatu duen basque FEST programaren barruan, 300 jarduera baino gehiago antolatuko dira. Gehienak doakoak eta adin guztietako ikusleentzat izango dira, eta askotariko gaiak jorratuko dira, besteak beste: gastronomia, antzerkia, musika, dantza eta herri kirolak
  • Berritasun handienetako bat Zinema atala da, eta betikoekin bat egingo du (Kultura, Musika, Market, Sport eta Gourmet). Atal berrian Koldo Serraren Gernika filma estreinatuko da BBK Salan, bai eta “Gernika, kameren atzean” erakusketa ere, David Herranz argazkilariaren eskutik
  • Errobi da edizio honetako jaialdi gonbidatua, Lapurdiko Itsasu herritik dator, eta Kalakan eta Khami taldeen MUGAK ikuskizunarekin abiaraziko da jaialdia, apirilaren 17an, 20:00etan Azkuna Zentroan Musika-eskaintza izango da basque FESTeko indarguneetako bat, eta betiko izarrak bilduko ditu (Oreka TX edo San Salvador, esaterako), gaur egun modan dauden proiektu handiko artistekin, Izaro kantautorea, besteak beste
  • Zabalguneko eraikina eta Arriaga plaza izango dira espazio berriak, eta dantza tradizionaletarako jantzien erakusketa eta familientzako erraldoien tailer berri bat eta kaleko animazioa antolatuko dira bertan
  • Areatzan, aurten ere, Txoko Gourmet egongo da; 1.500m2 baino gehiagoko karpa bat da, non turismorako hamabi euskal eskualdek eta elkartek lurraldeen onena ezagutaraziko dute informazio-standekin eta 2.160 pertsonentzako produktuen dastatzeekin Amaitzeko, Arriaga plazan Akelarre bat egingo da, euskal kulturaren erroei eta mitologiari lotuta dagoena

 

(Bilbon, 2019ko martxoaren 25ean.-) Aurten ere euskal kulturaren jaia Bilbora itzuliko da Aste Santuan. Apirilaren 17tik 21era, basque FEST ekimenak kultura eta aisialdirako eskaintza ekarriko dio hiribilduari, eta aurreko urteetan baino aberatsagoa izango da. Bilboko Udalak prestatu du programa, eta, guztira, 300 jarduera baino gehiago egongo dira. Doakoak izango dira, eta gustu eta adin guztietako pertsonentzat pentsatuak. Jaialdiko ohiko atalez gain (Kultura, Musika, Market, Sport eta Gourmet), Zinema izango dugu aurten, non Koldo Serra zuzendari bilbotarraren Gernika filma ikusiko dugun.

Zazpigarren urtez jarraian, Bilbo herri kiroletarako agertokia izango da, eta produktu gastronomiko onenez gozatzeko aukera izango dugu, bai eta euskarara hurbiltzako eta kalejiren alaitasuna sentitzeko aukera ere, besteak beste. basque FEST espazio berriekin itzuliko da, itsasadarreko jarduera berriekin eta goi-mailako musika-eskaintzarekin. Iparraldeko Kalakan hirukotea, San Salvador eta Oreka TX taldearen ikuskizun berriaren munduko estreinaldia eta Izaro euskal poparen izarra azpimarratu behar ditugu.

ZAZPI EDIZIO

Zazpi urteko ibilbidearen ostean, bisitariak Bilbora erakartzeko eta jarduera ekonomikoa sortzeko iturri gisa finkatu da basque FEST. Hiria dinamizatzeko, “hurbileko merkatua” delakoa bultzatzeko eta kultura-turismoa sustatzeko proiektu bat da, bai eta Aste Santuan hirian geratuko diren bilbotarrei kalitate oneko proposamena eskaintzeko proiektua ere. Jaialdiaren azken edizioan parte-hartzaileen markak hautsi ziren 100.000 pertsonarekin.

Bilboko Udalak programatu ditu jarduerak honako merkataritza-elkarte hauekin batera: Bilbao Dendak, Bilbao Erdigunea, Casco Viejo-Zazpi Kaleak eta San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala. Horrez gain, beste erakunde, entitate eta eragileren laguntza ere izan du, besteak beste: Bizkaiko Ostalaritza Elkartea, Bilbao Historiko, Baskegur, Metro Bilbao, BBK Fundazioa, turismo-eskualdeak (Aiaraldea, Iparralde, Arabako Errioxa, Enkarterri, Gorbeia, Lea Artibai, Urdaibai, Uribe, Goierri, Tolosaldea, Euskal Kostaldeko Geoparkea), Bilbao Musika, Euskal Museoa eta kultura-eragile batzuekin, hala nola Kafe Antzokia eta La Ribera. Horrenbestez, hirian ekitaldiak martxan jartzeko erakundeen arteko kooperazioaren eta kolaborazio publiko eta pribatuaren beste adibide bat da.

LAPURDIKO ITSASU HERRIKO ERROBI JAIALDIA IZANGO DA AURTENGO GONBIDATUA

Euskal kulturaren jaia apirilaren 17an hasiko da, asteazkena, Azkuna Zentroan. Kalakan eta Khami taldeek sortutako MUGAK ikuskizunarekin hasiko da, eta Errobiren eskutik iritsiko da, aurtengo gonbidatua den Lapurdiko Itsasu herriko jaialdia. Kalakan hirukoteak euskara eta txalaparta ezagutzera eman zituen Madonnaren munduko biran, eta 20:00etatik aurrera txalapartaren, albokaren edo txirularen antzinako soinuak hainbat perkusio instrumenturekin lotuko dituzte, bai eta planetako beste leku batzuetako tresnekin eta musika elektronikoaren zertzeladekin ere.

ATAL BERRIA: ZINEMA, ZAZPIGARREN EUSKAL ARTEA

basque FEST 2019ren berritasun garrantzitsuenetako bat Zinema atala sartzea izan da. BBK Salan, Koldo Serra zuzendari bilbotarraren Gernika filma ikusi ahal izango dugu.

Apirilaren 18an, 19an eta 20an proiektatuko da 2017. urteko Goya sarirako izendatu zuten filma. Gainera, ikusleek “Gernika, kameren atzean” erakusketaz gozatu ahal izango dute David Herranz argazkilariaren eskutik.

EUSKAL MUSIKAREN GARRANTZI BEREZIA

Musika oso garrantzitsua da basque FESTen, eta Kalakanen ikuskizunak izar eta pertsona handiak bilduko ditu. Hori horrela, apirilaren 20an, larunbata, ikuskizun baten munduko estreinaldia egingo da Azkuna Zentroan, gaueko 22:00etan. Abiapuntua da banda moldakorra Oreka TXen txalapartaren eta San Salvador banda okzitaniarren polifoniaren inguruan muntatzea. Guztira, hamaika musikari eta abeslari igoko dira agertokira haien kulturan oso errotuta dauden, baina, hala ere, eguneratzeko eta topaguneetarako prest dauden bi talderekin.

Aurtengo edizioan, emakumeak nabarmenduko dira musikaren atalean. Mallabiko Izaro kantautoreak 2020. urtera arte Euskadin egingo duen azken kontzertua eskainiko du hilaren 18an, osteguna, 21:00etan Plaza Barrian. Beste alde batetik, Nora Izagirre, Miren Narbaiza eta Olatz Salvador euskal artisten ahotsak entzun ahal izango ditugu Bilborocken.

Aurtengo musika-ikuskizun entzutetsuenetako bat Izaroren kontzertuaren ostean izango da, hurrengo egunean, Plaza Barrian bertan. Korrontzik dantza eta musikaren arteko fusioa eskainiko du. Folk musika-taldeak Bizkaia osoko 12 dantza- eta musika-talderekin bat egingo du “Bilbora bi-lora dantzan” emanaldi esklusiboa sortzeko, eta ehunka artista bilduko dira agertokiaren gainean. Udaberriaren soinuak eta mugimenduak birsortuko dira modu bisual eta original batean.

Kafe Antzokiak basque FEST Rock City programatuko du berriz ere, eta gaur egungo euskal panoramaren talderik onenak bilduko ditu kartelean. Egunero egongo dira kontzertuak 22:00etatik aurrera, eta aurtengo nazioarteko talde gonbidatua Eskoziako Teeenage Fanclub taldea izango a.

ESPAZIO BERRIAK

Bestalde, jarduera gehiago egingo dira, eta horiek garatzeko espazio gehiago egongo dira. Aurten bi leku berri egongo dira aurreko edizioetako betiko espazio hauez gain: Txoko Gourmet, Azkuna Zentroa, Plaza Barria, Guggenheim Bilbao Museoaren zabaldegia, Bilborock, Pio Barojako pantalana, Sport espazioa Areatzan, Alde Zaharra, Kafe Antzokia, Garcia Rivero, Poza Lizentziatua, Villarias eta Ledesma kaleak, itsasadarra, Artxanda, Euskal Museoa.

Lehenik eta behin, Zabalguneko eraikinean dantza tradizionaleko jantzien erakusketa bat egongo da, bai eta erraldoien tailer berri bat ere familientzat. Parte-hartzaileek, betiko pertsonaia horiei buruzko informazioa jasotzeaz gain, kalejira bat egingo dute Bilboko kale ezagunenetako bateraino: Ledesma. basque FESTen bigarren espazio berria Arriaga plaza izango da, non kaleko animazioa eta akelarre bat egingo diren, basque FESTen azken ukitu magiko gisa.

AMAITZEKO, AKELARRE BAT

Jaialdiaren azken gauean, jendeak euskal kulturaren eta mitologiaren erroei lotutako ikuskizun magiko batez gozatuko du: akelarrea. “Negua”, Arriaga plazan, apirilaren 20an, larunbata, 21:00etan. Sua izango da protagonista. Ilun-ilun dagoela, gazte batzuek gure arbasoen errituak eta mitoak birsortuko dituzte. Antzinako zeremonia bat egingo dute betiko mugimendu, erritual eta dantzekin, eta bertaratzen direnak liluratuko dituzte.

JARDUERAK ITSASADARREAN, HERRI KIROLAK, ERROMERIA….

Itsasadarrean ibilbide gidatuak egingo dira step akuatikoekin. Modalitatea gero eta ezagunagoa da, eta ur gaineko ohol bat baino ez da, non pedal batzuei esker pausoak eman daitezkeen uraren gainean. Itsasadarra beste ikuspuntu batetik bizitzeko aukera bat, familiek gozatzeko modukoa, gainerako jarduerekin gertatzen den bezala, batelak, hasteko traineruak eta 30 minutuko ibilbide antzeztuak Pio Baroja pantalanetik Erriberako Merkatura Bilboats delakoan. Gainera, bi gidari oso berezi izango dira bertan, Begotxu eta Mirentxuren iloba.

Artxandako herri kirolak eta erromeria gero eta ikusle gehiago hartzen dituzten beste jarduera batzuk dira. Areatzako pasealekua izango da euskal herri kirolen erakustaldiak egiteko txokoa, eta kirol hauetako profesionalak izango ditugu, besteak beste, lasto-botatzea eta -altxatzea, ingudea altxatzea, aizkolariak eta trontza, barrenaria, gizon-probak eta harri-jasotzaileak. Kirol-egitaraua osatzeko, esku-pilotara jolasteko tailerrak egongo dira. Horrez gain, herri-erromeria Artxandan antolatuko da, eta AIKO taldeak girotuko du. Taldeko irakasleek, jaia girotzeaz gain, dantzatzen irakatsiko diete parte hartu nahi duten pertsona guztiei.

GASTRONOMIA TXOKO GOURMET-EN

Txoko Gourmet Areatzan instalatu den 1.500 m2-ko karpa batean egingo da, eta bidaia enogastronomikoaren protagonista izango da berriz ere. Hainbat leku turistikotatik egingo den ibilbideari esker, lurraldeen xarma ezagutzeko aukera egongo da informazio-standetan. Guztira, 2.160 leku egongo dira doako dastatzeak egiteko, eta hainbat lekutako produktuak gozatzeko aukera egongo da, hala nola Aiaraldea, Iparralde (Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa), Arabako Errioxa, Enkarterri, Gorbeia, Lea Artibai, Urdaibai, Uribe, Goierri, Tolosaldea eta Euskal Kostaldeko Geoparkea. Bestalde, espazio horretara hurbiltzen direnek gehiago ikasi ahal izango dute 45 minutuko tailerretan, non Basque zukuak, ogia, taloa eta krepeak egiten ikasiko duten, itsasokoak zein mendikoak. Baskegur Euskadiko Baso eta Zur Elkarteak laga duen 0 kilometroko egurrarekin apainduko da.

EUSKARA, BASQUE FEST 2019KO PROTAGONISTA

Euskara, mila urte duen gure hizkuntza, izango da basque FESTeko egitarauko protagonista. Edizio honetako berritasunetako bat euskara-eskolak izango dira. Bilbotik ibili ahal izateko euskarazko esapideak ikasteko tailerretan; bertaratzen direnek agurtzen ikasiko dute, bai eta eskerrak ematen eta taberna eta jatetxeetan euskaraz eskatzen ere. Hogei minutuko eskola laburrak Areatzan emango dira beste tailer didaktiko batzuekin, besteak beste, Bilborockeko bertsolaritza-tailerrak. Jarduera horretan, bertsolaritzaren historia jorratuko da, eta parte-hartzaileak animatuko dituzte bertsoak sortu eta bota ditzaten.

KLASIKOAK

Bilboko anfitrioien ibilbideak basque FESTen gehien txalotzen diren jardueretako bat dira. Ibilbide antzeztuetan modu ludikoan ezagutu ahal izango da hiribilduaren historia, baina, gainera, ezusteko atseginak ekarriko dizkigun ibilbide bat izango da. Azkuna Zentroan, nola ez, haurrentzako jarduerak antolatuko dira. Aurten, halaber, programazioa handituko da etxeko txikienentzat. basque FESTen gertatu ohi den bezala, kalejirei esker, hiriko txoko guztietara iritsiko da jaia, eta Erribera, esaterako, jazz doinurik onenen agertokia izango da berriz ere.

ZIFRAK

Hiriko gizarte- eta ekonomia-bizitza dinamizatzen duen ekitaldia dugu basque FEST. Jarduerez betetako bost egunei esker, Bilbo turismorako erreferentziazko lekua da Aste Santuan. Iaz markak hautsi ziren, guztira, 100.148 pertsona bertaratu baitziren.

Jatetxeek, tabernek, goxo-dendek eta saltoki espezializatuek, urtero bezala, jaialdian parte hartuko dute. Aurtengo edizioan, inoiz baino establezimendu gehiago egongo dira: ostalaritzako eta merkataritzako 360 establezimendu. 300 jarduera baino gehiago barne hartzen dituen basque FESTen programazio zabalean, honako hauek parte hartuko dute: 405 artista, jarduerak ekoizteko eta gauzatzeko 253 langile, 53 musika-, dantza- eta antzerki-ikuskizun eta 37 kirol-jarduera, besteak beste, herri kirolak, eskupilota, arrauna eta step akuatikoak.

Udalak 25.000 informazio-liburuxka banatuko ditu jarduerei, ordutegiei eta herritarrentzat erabilgarria den informazio guztiarekin.

 

Prentsa-dossierra

basque FEST bideoa